XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gizon bat aurkitu dut Mallorca-n joseba intxausti. Mediterraneo Itsasoa aspalditxo idoroa da, ta nik ere ba dire urteak aurkitu nuela, joan den udarara arte bere barna menturatu ez banaiz ere.

Ezkonberri ta eskindabiarren ugarteraino heldu naiz, eta mutil zaharrontzat ere ez dago gaizki Mallorca.

Herrialde xarmanta huraxe! Izena hainbat izan ba du.

Mallorca`ko amonatxo ta gazteen ezpainetatik izen bat jaso dut: Erzherzog Ludwig Salvator, ta maillorkarrek dioten erara, Luis Salvator Artxidukea.

Baina zergatik aitatzen dizuedan herbesteko gizon hau? Lehenik Mallorca-n nik aurkitu dudan gizon printzipalena delako, eta ondoren, guk Euskal-Herrian izan dugun beste gizon baten zeregin asko bete dituelako.

Gure Luis Luziano Bonaparte bururatu zitzaidan.

Ludwig Salvator Artxidukea-z mintzatu zitzaidanean.

Ludwig Saivator ez da noski mailorkarra jaiotzez, eta hala ere herriak beretzat hartu zuen ta, gure Printzearekin gertatzen ez dena, Mallorca-ko herriak burutan darama Artxidukearen oroitzapena.

Estelric, mailorkar idazleak honela esan du: Nere belaunaldiko askorentzat, hil aurretik eta ezagutu gabe ere, ipuin zaharretako gizaki bat zen...... jakitez eta tristuraz betetako gizona...... jatorri madarikatu baten azken kimua.

Hogei ta bederatzi urte zituen gure Artxidukeak, 1876-an, Mallorca-ra lehenbizikoz iritxi zenean.

Ordutik bihotz beroz maitatuko zuen lurralde berria; maitatu ta istudiatzen biziki ahalegindu.

Inork ez bezela aztertu ditu Ludwig Salvator-ek Balears ugarteak.

Ikus lan horren agergarritzat bere Die Balearen in Wort und Bild geschildert (Baleareak hitz-irudiz agertuak) obra paregabea.

Ludwig Salvator, halabehar gaiztoaren igesi Errege-semea zen gure gizona.

Jauregi batean (eta nolakoan gainera!), Fiorentzia-ko Pitti-renean, 1847-an mundura etorria.

Jatorriz, Habsburgo-Lorena-borbondarra.

Toscana-ko Leopoldo II bere aita. Espainia-ko Fernando VII-aren alargun Mª Kristina-ren iloba zen Artxidukea.

Kennedy-tarren antzera, Ludwig Salvator-en familiatartekoak, patu gaiztoren batek bultzata, banan-banan ezbeharrik gorrienak zigortu zituen.

Aita, Errepublica batek bota zuen errege-jauregitik (1849) ta, azkenik beste Errege batek Vittorio Emmanuele-k, kendu zion erresuma (1859-60).

Harrezkero, 1859-ko apirilaren 27-az gero alegia (goizeko lauretan irten behar izan zuten Pitti errege etxetik), gure mutila nunahi izango da atzerritar eta etxeko: Printze bidegaldua deituko zioten gerora.

Halatsu izan zen honen izeba ere: Elizabeth Austria-koa, Franz Joseph I (1848-1916) bere senar aspergarria utzita, ta semea hil zitzaionetik batez ere, mundu zehar hasiko da geldiezinik.

Ba zekien zein familiako odola zeramakien: Maximilian, bere osaba, México-n afusilatu zuten (1867) eta honen alargun Carlota-k burua galdu zuen ondoren.

Baviera-ko Ludwig II-k, Artxidukearen lehengusua, medikuek zorotzat eman zutelako, bere burua hil zuen (1886), eta honen anaia leloegi gertatu zitzaien erregetzara eraman zutenei.

Jean Orth, Ludwig Salvator-en anaia, inork non eta noiz izan zen sekula jakin ez duen galerna batek irentsi zuen.

Ta Mayerling? Nork ahaztu Rudolf zorigaiztokoa? Han hil zuen bere burua, maitalearekin gaua pasa ondoren, Austria-ko Erregeen lehen-semeak.